XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

A) Angor edo bular-angina: Bere ezaugarri nagusia, bular-ezur aldean hasten den oinaze agudua da (batzutan epigastrio aldean), ezkerreko besoruntz irradiatzen delarik, nahiz eta posible den eskuineko besora egitea, edo bi eskumuturretara bakarrik, edo lepora, matalezurrera, bizkarrera, edota abdomin aldera.

Oinaze zapalkorra, oso larria, heriotz hurbil baten zentzazioarekin batera etortzen da.

Minuto batzu baino ez du irauten.

Sekula ez 10-15 baino gehiago.

Zurbildura eta izerdi hotzarekin batera joan daiteke.

1768.ean Heberden-ek deskribatu zuen bular-angina klasikoa, ihardunaldi fisiko edo stress emozional batek sortua izaten da: esfortzuko bular-angina.

Beste batzutan, egonean azaldu daiteke: egoneko bular-angina.

Koronarien dilatatzaileak hartuz gainditzen da koadroa.

Gehien erabilitakoa, nitroglizerina, mihipetik xurgatzen da.

Gaur egun bi angor-moeta bereizten da: 1- angor egonkorra: Esfortzu berdinez azaltzen dena, beti iraunpen eta ezaugarri jakinez.

2- angor egongaitza: 3 eratakoa.

a) Angor aurrerakoia: oinazea, aurrea eta esfortzu txikiagorekin eta iraupen handiagorekin azaltzen da.

b) Tarteko sindromea: egoera anginotsu edo angor preinfartikoa: Sarritasun handiaz azaltzen da oinazea, gehiago irauten du (15-30 min), egonekoa izaten da eta miokardioaren infartoz bukatu ohi du.

c) Prinzmetal-en angina: Gauekoa izaten da, etzanean, arritmiekin lagundu ohi da.

Era batetatik bestetara pasatzen joaten da.

Gaixo hauen elektrokardiograma, krisietatik at, normala izaten da, baina esfortzu fisikorik egitera behartzen baditugu, orduan, oinaze krisietan azaltzen diren aldaketa elektrokardiografikoen berdinak hatzemanen ditugu: ST tartearen beherada, beti atzeragarria.

B) Miokardioaren infartoa: Hipoxia iraunkor batek ekoizten duen angor-a ez bezala, infartoa abar koronario baten butxapen oso baten ondorio da.